Baztan markaren balioak

Paisaia naturalari eutsi

Baztandarrendako, egun oraindik ere nagusi den haien paisaia naturala da Baztanen agerpiderik gorena. Horregatik, esan bezala, mendeetan abeltzantza estentsiboak marraztutako paisaia naturalaren inguruan egituratzen da marka. Lurraldearen balio nagusienetako bat izanda, produkzio eredu iraunkor hura babestea eta sustatzea du helburu nagusia.

Bide horretan, ganaduzale eta nekazarien lanbidea prestigiatzeko, produktuen transformazio eta komertzializazio bide propioak ahalbidetzeko, beren balio erantsia handitzeko, eta baita landa-turismoa bezalako ekimen ekonomiko osagarriak sustatzeko lan egingo du ARRAS BAZTAN markak.

Paisaia Kulturalari eutsi

Paisaia kulturala da baztandarrendako beren izaeraren ardatza, haien burua modu zuzen eta egokienean definitzen duena. Euskara, auzolana, komunala, batzarrea, tuku-tukutasun fierra dira, besteak beste, beren nortasuna osatzen duten kontzeptuak.

Horregatik, imaginario kolektiboan gako diren idea horietan oinarritutako ekimenak hauspotu nahi ditu ARRAS BAZTAN markak.

Bilakaerei egokitzeko gaitasuna

Bizimoduak etengabe aldatzen doaz egungo gizarte global teknologiko honek, egokitzapenetara bultzatzen du. Bilakaera horretan, Baztanek ez dio bere nortasunari uko egiten. Glokalizazioarekin erantzuten dio globalizazioari, hau da, estandarizazioari, aniztasun kulturalarekin egiten dio aurre. Garapen endogenoa sustatuz, bertako zerbitzu eta produktuei balio erantsia emango dio markak.

Emetasun baztandarra

Emakumezkoen papera eta indarra berezko palankatzat jotzen dute baztandarrek, baina esparru publikoan barne indar horrek ez du oraindik behar bezain bertzeko agerpen praktikoa ukan.

Esparru publikoan emakumezkoen presentzia, lidergoa eta erabakimen gaitasuna ahalbidetzea eta sustatzea da markaren helburuetako bat.

Hezetasun baztandarra

Ura eta goroldioak inguratzen dituen lurraldea da Baztan, eta beraz, hauek eragiten duten hezetasuna, Baztango iruditeriari oso lotuta dago. Ez bakarrik ikuspegi estetikotik, eskualdearen izaerari ere atxikitzen zaion elementua da.

Aldi berean, hezetasunak eragiten duen bizitza, aniztasuna eta mugimendua, Baztango ezaugarri garrantzitsuak dira; bertako eragile, gizarte, biztanle, elkarte, eta, baita jarduera kultural eta ekonomikoan antzeman daiteke. Etengabe ugaltzen diren ekimenak aurrera eramaten duen herria da Baztan, baina beti ere, bere nortasuna galdu gabe, iraunkortasunak bultzatzen dituen jarduerak erdigunean izanda.

Euskalduntasuna

Euskalduntasuna baztandarren erroen agerpide nagusiena da. Paisaia naturalarekin batera, iraunkortasun handiena erakutsi duen elementua da. Horregatik, baztandarrak eta euskara bereizi ezineko binomio gisa ageri dira iruditerian, bai baztandarrendako, baita kanpokoendako ere. Gainera, euskalduntasuna balio erantsi handia da, euskalduna, gaur, pertsona elebiduna baita, gutxienez.