Baztan markaren sustatzaileak

Arras Baztan proiektua helburu hauekin sortu zen: lurraldeko hainbat sektoretako pertsonen eta eragileen arteko elkarlana bulkatzea, barne indarguneak eta sinergiak ezagutzera ematea; eta herritarren dinamika soziala, ekonomikoa eta kulturala indartzea, beste askoren artean. Horien alde lan egiten dute, beraz, ARRAS BAZTAN osatu duten sustatzaileak.

Baztango Udala

Baztango Udalak Baztan marka sortzeko proiektuari ekin zion hainbat esparrutan adierazitako eskariari erantzuteko. Bereziki, Baztango gizarte, ekonomia eta kultura arloko hainbat eragilek antzemandako beharretik abiatu da markaren jaiotza.

Horretarako, nortasun marka osatzeko ezinbesteko honako irizpideak ezarri ditu Udalak: proiektu adostua, bateratua eta elkarganatzailea izan behar zuen Baztan Marka. Horren adierazle dira prozesuan batu diren hurrengo sustatzaile anitzak.

Cederna Garalur

1991an sortu zen Nafarroako Mendialdearen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko asmoz. Horretarako, herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta egitura ekonomikoak sendotzeko, tokiko politikak babesten dituzte. Horrela, Nafarroako iparraldeko landa eremuko herritarren biziraupena bermatu nahi dute, migrazioa saihestuz. LEADER  metodologiaren bitartez, lurralde, parte hartze, elkarlana, aukera eta genero berdintasun balioetan oinarritzen da bere lana.

Baztango Artisauak

2018.urtean sortu berri den elkartea da, eta, momentuz, 6 artisauek osatzen dute. Helburu nagusia bailaran bizi eta lan egiten duten artisauen lanak ezagutzera ematea da, tradiziozkoak zein artisautza garaikidekoak.

Eskualdeko turismoa ere sustatze aldera hainbat ekimen abian jarriko ditu, eta formakuntzarekin zerikusia duten jarduerak ere garatuko dituzte.

Baztango zaporeak

2016.urtean sortutako elkarte honek bailarako 13 ekoizle txiki biltzen ditu. Taldearen oinarriak lurrari lotutako nekazal produktuak sortzea eta etxeko nekazaritza sustatzea dira, eredu industrialetik kanpo. Hain zuzen ere, tokiko nekazaritza sustatzea, bertako produktuen kontsumoa bultzatuz. Talde anitza da Baztango Zaporeak osatzen duena; ardi, behi eta ahuntz gasnak; jogurtak, esnea, arrautzak, oilaskoak, sagardoa, ardoa, marmeladak, eztia, aratxe eta zerri haragia egiten dituzte.

Elizondoko Lanbide Eskola

1966. urtean, orain 52 urte, Elizondon sortu zen. Eskualde guztiko gazte eta helduei Lanbide Heziketa euskaraz ikasteko aukera eskaintzen die.

Lanbide Eskolaren helburua ikasle, langile nahiz langabetuak lanerako kualifikatzea da, ikaskuntza-irakaskuntza prozesu integral baten bidez, eta euskaraz.

Bertan Baztan

Bailarako dendari, ostalaritza eta zerbitzu enpresen elkartea da. 2006. urtean sortutako elkarte honek 66 bazkide ditu. Bere helburuetako batzuk sustapenarekin eta hedapenarekin zerikusia duten jarduerak bultzatzea, hala nola bazkideen beharrei egokitutako formakuntza jarduerak sustatzea dira. Honekin batera, eskualdean jarduten duten hainbat erakunderekin ere lan dinamikak garatzen dituzte.

PREST Baztango Zerbitzu Turistikoen Elkartea

2018ko udan sortutako elkarte turistiko berria da, eta 10 bazkidek osatzen dute. Helburua Baztango turismo etorrera bideratzea eta kudeatzea da. Honekin batera eskualdeko beste eragile turistikoekin elkarlanean dihardute arlo honetan hainbat ekimen sustatzeko.

APOPILO, Baztango Alojamenduen Elkartea

Baztango ostatu turistikoen elkartea da, sortu berria. Baztanen bizi eta lan egitea aukeratu dute elkarteko partaideek. Hortaz, kalitatearen bidez produktu desberdin bat eskaini nahi duen elkarte bat da, lurraldearekiko konpromezua duena, hau da, iraunkortasunarekin, bertako nortasunarekin eta ondarearekin bateragarria dena.

Momentuz 21 ostatu elkartu dira Apopilon, baina beraien asmoa da helburu berak dituen edozein kide izatea.