Zer da Baztan marka

ARRAS BAZTAN, Baztango nortasunean oinarritzen den lurralde marka da. Iruditeria kolektiboaren ezaugarriak bilduz osatu da, hau da, baztandarrek beren lurraldea nola ulertzen duten jasoz. Izan ere, bertakoen balio sistemarekin bat egitea du irizpide, eta printzipio horiek babestea helburu. Horien zutabea mendeetan abeltzantzak marraztutako paisaia naturala da, eta bere inguruan egituratzen da marka.

Zertarako balio du

Baztandarren nortasuna osatzen duen balio sistema erantsi egiten dio erabiltzaileari. Horrela, Baztango egiteko modua babestu eta zabaltzen du barnean eta kanpoan, bailarari balio erantsia ematen dion bitartean. Nortasuna babestu eta sustatzeaz gain, bertako balioak errespetatuko dituen garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatzen du markak. Horrek guztiak, gainera, eragile eta herritarren elkarlana ahalbidetzen du.

Markaren garapena

Eragile zein herritarren ekarpenak ezinbestekoak izan dira Baztango kontaera guztiak ezaugarritu ahal izateko. Gauzatutako prozesu parte-hartzailean Baztango herri, adin eta profil sozioekonomiko guztietako lagunek egin dute euren ekarpena. Helburua izanik bertako berezitasunak balioan jartzea Ondare Immaterialaren kudeaketaren eta etikaren ikuspuntutik gauzatu da prozesua.