';
Konpromiso ttikien kanpaina abiatu du Arras Baztan fundazioak

Konpromiso ttikien kanpainaren funtsa arrunt sinplea da. Edonoren eskura diren ekintza ttikiak kolektiboki pentsatu eta egin nahi ditugu. Gure buruak aldatu bizitzeko toki hobeagoa sortzeko, trantsizio sozial eta ekologiko ikuspegi luzean. Eta horregatik ezagutu gaitzatela.

Hartu eta egiten hasi garen konpromisoak Baztan hobetzeko agenda positiboa sortu nahi dute, oraingo erronka globalekin bat eginez, aldaketa handien aldi honetarat tokiko mailatik egokituz.

Hasteko 5 arlo hautatu ditugu: hondakinak, energía, ura, elikadura eta euskara. Horietako bakoitzan ekintza ttiki-ttikia proposatu dugu:

– Hondakinak: organikoa bereizteko konpromisoa hartzea eta horren enbaxadore izatea.

– Energia: norberaren lantegian LED argiak paratzea eta ahal dela bererabilgarriak izatea.

– Ura: bakoitzaren jardueratik plastikozko ur-botilak kentzea. Ostatuen eta saltokien kasuan erdibideko geltokia izanen dute: plastizkokoak baztertu gabe kristalezkoak ere eskaintzea.

– Elikadura: Baztango esnea erabiltzen duten markak kontsumitzea (Jauregia, Kaiku eta Lacturale).

– Euskara: ordainagiri, faktura eta tiketak euskaraz ere egotea.

Seguru aski parte hartzailetako aunitzek gaurgero aipatutako konpromiso horiek bete tzen dituzte. Berrikuntza hau da: kolektiboki eman nahi ditugula pausuak, pausuei zentzua emanez norabide argi bati buruz.

Lehendabiziko saio hau prestaketa ariketa bertzerik ez da. Nahia baita konpromisoen taula oso bat egitea, epe erdi eta luzera ibiltzeko baliagarria izanen dena, ekintza ttikienetik zailenetarako bidea erakutsiko duena. Hortaz, gaur aurkezten dugun konpromiso ttikien kanpaina eginahal handi baten hasiera bertzerik ez da.

Hori izanen da Arras Baztan marka. Ekintza konkretu zehatzen bidez gure burua eta lurraldea hobetzeko erraminta. Hori da gure estrategia. Horrela indartu nahi dugu tokiko ekonomia, eragileen arteko harremanak indartuz, elkarlanerako giroa sortuz eta bertako produktu eta zerbitzuak lurraldearen hobekuntza eta aldaketa positiboarekin lotuz. XXI. Mendeko landa eremu bizia izanen da gure aurkezpen txartela.

Erraten ditugunak betetzen ditugula neurtzeko parte hartzaileek konpromiso-agiria sinatu beharko dute eta ondotik Arras Baztan fundazioko patronatuak begirale eta ikuskatzaile lanak eginen ditu. Erraten dugun hori betetzen dugula bermatzeko eta betetzen ez delarik zergatik betetzen ez den esplikatu ahal izateko.

Arras Baztan marka eta fundazioa sortu zirelarik tokiko ekonomia bultzatzeko helburuarekin sortu ziren eta, horregatik, hasiera honetan fundazioan antolaturik daude eragileek eta konpromiso agiria sinatu dutenek parte hartuko dute, denera Baztango 60 eragile ekonomiko baino gehiago: ekoizleak, artesauak, merkatariak, zerbitzuak, alojamendu turistikoak…

Herritarrek ekonomian eragiteko duten joko-tarte mugatu hori baliatu nahi du Arras Baztan fundazioak bultzatzen duen konpromisoen kanpaina honek. Joko-tarte mugatua izanagatik parte hartuko duten bailarako eragileen eskuetan dagoelako, bertze hirugarrenen zain egon gabe. Hortaz, eguneroko hautu kontzientearen bidez tokiko ekonomia indartzeko helburua du konpromiso ttikien kanpainak, lurraldearekin eta herritar guztien ongizatearekin konprometiturik.

Comments
Share
b@ztanet